Proiektuak

HIZKUNTZA(K)

Gure hizkuntza-proiektuaren helburua da euskaran eta euskalduntasunean ardazten den eleaniztasuna garatzea. Egitasmo integrala da, eta ikastolaren eremu guztietan eragiten du. XXI. mendeko gizartea eleanitza da, eta pertsona euskaldunen etorkizuna eleanitza da. Beraz, euskarak, baldin eta biziraun nahi badu, nagusi izan beharra dauka bere hizkuntza-esparruan. Egoera horren aurrean, gure helburu nagusia da bi elementu horiek elkarlotzea: batetik, euskarak garapen osoa lortzea bere hizkuntza-esparruan, eta, bestetik, pertsona euskalduna gai izatea beste hizkuntza batzuk ezagutu eta erabiltzeko.

Hegoaldean bizi garenez, gaztelaniaren ezagutza sakona eduki beharko genuke. Era berean, jariakortasunez ezagutu beharko genuke nazioarteko harremanetan nagusi den ingelesa. Eta baita frantsesa ere, garrantzitsua baita mugaren bi aldeetako jendarteen kultura-kohesiorako.

 Euskaraz bizi

Aranzadi Ikastolak bermatu egin behar du euskararen ezagutza eta erabilera. Ikasleak gaitu egin behar ditu euskaraz bizitzeko; euskara batua ardatz moduan harturik, baina, bertako euskalkia ahaztu gabe.

Euskararen erabilera ikastolatik etxe eta kaleetara zabaltzea da gure xede nagusia, euskara zuzena eta jatorra bultzatuz. Gure ikasleek euskararen hautua egin dezaten nahi dugu, eta, horretarako, askotariko baliabide eta estrategiez baliatzen gara: erabilera-esparruak zabaldu ikasleen komunikazio-beharrak bete ahal izateko, euskararen aldeko jarrerak era sistematikoan landu, etab.

 Eleanitz

Ikastolen Elkarteak sortutako proiektu propioa da Eleanitz. Ingelesaren ikaskuntza bultzatuz, gure ikasleek munduko beste herrialdeetan zehar autonomiaz mugitzeko gaitasuna eskuratzea da egitasmoaren xede nagusia.

Bergaran ingelesaren sarrera goiztiarra bultzatu zuen lehen ikastetxea izan ginen. Orduz geroztik, gure ikasleak 4 urterekin hasten dira ingelesa ezagutzen, eta gai izaten dira DBHko hirugarren mailan (13 urterekin) Gizarte ikasgaia ingelesez ikasteko. Ikasketa-prozesu hori laguntzeko, Ikastolen Elkarteak sortutako material propioa erabiltzen dugu, eta azpimarratu behar da material horiek Europako 10 herrialdetan eta 21 eskolatan esperimentatu eta ebaluatu direla.

Ingelesaz gain, frantsesa ere irakasten dugu Aranzadi Ikastolan. Hautazko ikasgaia da, eta helburua da ikasleak gai izatea frantsesez komunikatzeko ahoz zein idatziz.

 

ELKARBIZITZA

 KiVa ‘bullying'-aren kontra

Eskola-jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko mundu mailako programarik eraginkorrena da KiVa, Finlandiako Turkuko Unibertsitateak garatutakoa.

Eskola-jazarpen kasu bakoitzean erasotzaile eta biktimak daude, baina baita ikusle eta lekuko ugari ere. Taldeko fenomenoa da eskola-jazarpena, eta horixe azpimarratzen du KiVa programak. ‘Bullying’-a erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin behar da. Taldea erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen bada, jokabide aldaketa horrek zuzenean eragingo du erasotzailearen jardunean. Horregatik, KiVa metodoak indarra jartzen du prebentzioko proposamenetan.

Era berean, biktimari jakinarazi behar zaio helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo dutela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar da. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori proposatzen du KiVak.

Finlandian abiarazitako metodo honen arrakastaz jabetuta, Turkuko Unibertsitateak ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu ikastolentzat. Hala, Aranzadi Ikastolan KiVa programa garatzen hasi ginen duela urte batzuk, eta dagoeneko nabaritu dugu lanketaren eragina.

 

 Hezkidetza

Jaio garen mundu honetan, pertsonak sailkatu eta hierarkizatu egiten dira bere sexuaren arabera. Sistema patriarkalak bi taldetan sailkatzen gaitu gure sexu biologikoaren arabera: emakumeak alde batetik, eta gizonak bestetik. Hau da, gizon edo emakume gorputz batean jaiotzeagatik, sistemak bizi-programa desberdinak inposatzen dizkigu, eta genero-identitate kolektiboak garatzera behartu. Estereotipo femeninoa ugalketarekin eta pribatu-etxekoarekin lotuta dagoen bitartean, talde maskulinoa produkzioarekin eta publikoarekin uztartzen da. Horrela, ez da kasualitatea emakumezkoak gehiengoa izatea zaintzarekin zerikusia duten lanbideetan (erizaintza, magisteritza…) eta gizonezkoak produkzioarekin edo publikotasunarekin lotutakoetan (ingeniaritza, zuzendaritza, politika…).

Estereotipo horien eraginez, neska eta mutilen sozializazio-prozesua ezberdina izan ohi da. Genero-estereotipoek oztopo larriak sorrarazten dituzte gizaki bakoitzaren identitate pertsonala garatzeko, eta zilegi egiten dituzte dominazio-sumisio harremanak. Hain zuzen ere, botere-harreman horiek dira genero-indarkeriaren sorburua.

Jendartean nagusi den heziketa-sistema baztertzaile hori deseraikitzeko, Aranzadi Ikastolan hezkidetza daukagu metodo gisa. Sexuen arteko aukera-berdintasunean eta diskriminazio ezan oinarritzen da, eta albo batera uzten ditu genero-estereotipoak. Gainera, aintzat hartzen ditu sexualitate guztiak, identitateen aniztasuna onartuz eta zilegituz.

 

INGURUMENA

 Eskola Agenda 21

Eskola Agenda 21 Ingurumen Hezkuntzako programa da, eta bere xede nagusia da ikastetxean zein herrian iraunkortasunaren alde egin eta eragitea. Ikasturte bakoitzean ingurumenarekin zerikusia duen gai bat lantzen dugu: kutsadura, bioaniztasuna, klima-aldaketa, mugikortasuna, energia, etab. Lehenik eta behin, gaia aztertu eta diagnostiko bat egiten dugu gure ikastetxeko zein inguru hurbileneko errealitatea aztertu eta jasoz. Ondoren, ikastetxeak hobetu beharreko ekintzak definitu eta praktikan jartzen ditugu. Azkenik, gainerako ikastetxeekin batera, Bergarako Udalari herria hobetzen laguntzeko ekintzak proposatzen dizkiogu.

Programak hiru lan-eremu ditu: lehena, ikastetxearen kudeaketa iraunkorra garatzea; bigarrena, curriculuma berritzea; hirugarrena, komunitatearen parte hartzea. Horretarako, Agenda 21 Batzordea sortu dugu ikastolan, eta bertan parte hartzen dugu hainbat ikasle, irakasle eta gurasok. Izan ere, ulertzen dugu komunitate osoaren konpromisoa dela ikastolaren eta gure herriaren ingurumen- eta gizarte- hobekuntzaren aldeko ekintza-plana egitea.