Gure historia

Aranzadi Ikastolaren historia guraso, ikasle eta langile euskaltzaleek idatzia izan da. Unean uneko egoera sozialera egokituz, auzolanean eta elkartasunez eraiki dugu gure etxea. Familia handi baten bizipenak biltzen ari gara urtez urte, historia gaurkotua baita gurea.

Ariznoako Eusko-Ikastola 1933-1936

Aranzadi Ikastolak lehen pausoak eman baino lehen, Bergarak izan zuen horren aitzindari bat: Ariznoako Euzko-Ikastola. Lehenagotik baziren herrian beste ikastetxe batzuk, baina guztietan erdaraz irakasten zituzten ikasgaiak. Maria Oyanguren irakasleari eta Bergarako batzokiko zenbait laguni esker, lehen ikastola hark ateak zabaldu zizkion euskarazko irakaskuntzari.

Halere, Ariznoako Eusko-Ikastola jaio aurretik, euskara irakasten hasi ziren bergarar batzuk. Herrian jende asko euskalduna izan arren, gehienak alfabetatu gabeak ziren, eta Josu Oregi eta Txomin Amasorrain euskara klaseak ematen hasi ziren. Helduentzako klase bereziak ziren, eta gauetan ematen zituzten Eskola Elementalean. Euskal Kulturaren eta euskararen alde egiteko elkarte bat ere sortu zen, eta giro horretan kokatu behar dugu ikastolaren sorrera ere.

1933ko urtarrilaren 8an zabaldu zituen ateak, gaur egun Mozos farmazia dagoen tokian, San Pedro kalean. Lehen ikasturtean 5 eta 14 urte bitarteko 55 gaztetxo hartu zituen, eta hurrengo urteetan 62 ikasle izatera iritsi zen. Tamalez, hiru urte besterik ez zuen iraun, faxistak Bergaran sartu ziren arte. Ikastola hartu eta material guztiak (liburuak, ikasleek euskaraz idatzitako testuak etab.) erre zituzten. Maria Oyanguren irakasleak erbestera alde egin behar izan zuen, eta gerra ostean herrira itzuli zenean, alkate berriak bi hilabetetan etxetik ez irteteko zigorra jarri zion. Baina irakasleak ez zuen zigorra bete, eta bi urtez Bergaratik kanpo egotera behartu zuten.

Beste garai batzuk ziren eta, ordurako, ezinezkoa zen euskarazko klaseak emango zituen eskola bat. Hala ere, Mariak eta bera bezalako beste euskaltzale batzuek ereinda utzi zuten urte batzuk beranduago Bergaran eta Euskal Herri osoan sortuko ziren ikastolen hazia.

Aranzadi Ikastola sortu aurretik, frankismoaren urte beltzenetan, euskarazko klaseak eskaintzen zituzten bi akademia zeuden Bergaran: Koldo Eleizalde akademia (Komeni kalean) eta San Martin de Agirre (Bidekurutzetan). Esan daiteke bi horiek izan zirela Aranzadiren aitzindariak, hain zuzen ere, Mizpildin zegoen Santa Infancia ikastetxe elebidunarekin bat egitean sortu baitzen Aranzadi Ikastola1971ko ekainean. Ikasleen guraso talde batek indarrak batzeko beharra ikusi zuen, eta bategiterako lehen pausoak ematen hasi ziren Ikastolen Federazioaren aholkuei jarraituz.

        

        

Dominikoen laguntza

Dominikoek erabateko garrantzia izan zuten ikastolaren sorkuntzan. 1959tik martxan zegoen Colegio Técnico San José Obrero delakoa ixtear zegoen 1970ean, Poligonoan ikasketa ertainetako Batxilergo Institutua zabaldu ondoren. Aranzadi Ikastola martxan jarri nahi zuten gurasoak berehala konturatu ziren gela horiek aprobetxatzeko aukera ezin hobeaz, eta dominikoengana jo zuten laguntza eske.

Dominikoek, Apezpikutzaren baimenarekin, lehen momentutik jarrera ona erakutsi zuten gurasoen ekimenaren aurrean. Beraz, ikastolako lokalak Seminarioan kokatzeko eskakizuna luzatu zioten Hezkuntza Zuzendaritzari. Dominikoek, lokalaren truke, hainbat eskaera egin zieten gurasoei: ikastolako zuzendaria Seminarioko erretorea (Fernando Etxeberria) izatea, hilero 2.000 pezetako errenta ordaintzea eta erlijio klaseak dominiko batek ematea. Baina ikastetxearen onarpen juridikoa lortzeak lan dezente eman zuen, garai hartan ez baitzen erraza baimen ofizialak lortzea.

Legalizazioa 1975ean

Azkenean, dominikoek eta erakunde ofizialetan ondo ikusia zegoen maisu batek egindako bitartekari lanari esker, behin-betiko legalizazioa lortu genuen 1975eko uztailaren 10ean. Ordutik, ikastolak Telesforo Aranzadi antropologo bergararraren izena darama ofizialki. Hasiera hartan, Haurreskola eta OHOko lehendabiziko sei kurtsoak jarri genituen martxan, orotara 24 gela. 328 ikasle ziren ikastolan, eta garrantzia handia izan zuen andereño hasiberrien grinak. Honakoak ziren eskolaurrekoak: Maria Asun Lete, Maria Pilar Mujika, Lupe Olabarria, Amaia Azkargorta, Izaskun Jimeno eta Edurne Arzelus. OHOko lehen sei kurtsoetan, aldiz, hauek aritu ziren: Mari Karmen Amasorrain, Maria Flora Fernandez de Retana, Pili Fernandez, Kontxita Maiztegi, Lide Mujika, Maria Victoria Arizmendi eta Jose Amilibia.

Estatutu aldaketa

1981eko maiatzean asanblada orokorra egin genuen ikastolaren estatutu aldaketa aztertzeko.  Bozketa bidez erabaki genuen ikastolari zegokion figura juridiko egokiena kooperatiba zela, eta egitura horrekin jarraitzen dugu gaur egun arte.

1991/92 ikasturtean, baimen ofiziala oraindik jaso gabe, Batxilergoko lehen taldea jarri genuen martxan, eta 1993an inflexio-puntu garrantzitsua bizi izan genuen: sare publikoan integratzeko edo ikastetxe kontzertatu gisa jarraitzeko erabakia hartu behar izan genuen. Gurasoen gehiengo nabarmena azken aukeraren alde azaldu zen, eta hala erabaki genuen.

Kilometroak jaiak

Orduz geroztik, haziz joan da Aranzadi Ikastola. Euskal curriculuma indartu eta proiektu pedagogikoa berritu dugu etengabe, eta behar horiei erantzuteko, irakasleak formatu eta instalazioak egokitu ditugu. Bai talde-kohesioa lantzeko eta baita finantzazio ekonomikoa lortzeko ere, mugarri garrantzitsuak izan dira gurean ospatu ditugun Kilometroak jaiak. 1991n lehena, Igo tipi-tapa euskararen aldapa; 2007an bigarrena, Argi daukagu; 2016an azkena, Demasa.

Orain, berriz, ate-joka dugu Aranzadiren 50. urteurrena. Mende erdia beteko dugu 2021ean. 50 urteren ondoren, iturri beretik edaten jarraitzen dugu!